Nawal al-Ghsein-ek (Um Ibrahim bezala ezagunagoa) 60 urte ditu. Palestinako Emakume Ekintzaileen Foroaren arduraduna da Gazan.
Um Ibrahim, oztopoak oztopo, inoiz amore ematen ez duen emakumea da. “Ez dugu gelditu behar. Jarraitu egin behar dugu. Beti aurrera jarraitu”.
Um Ibrahim-en familia beduino familia da. Komunitate patriarkal bat da; komunitate horretan, emakumeak bere diru-iturri propioa izan dezake eta senarrak, teorian, ezin dizkio diru-sarrera horiek kendu. Ezkondu ondoren, erosteko ahalmen xumea (baina nahikoa baino gehiago) izaten jarraitu zuen, Israelgo indarrek Palestinako lehen intifadan bere senarra atxilotu zuten arte. Bera bakarrik geratu zen seme-alaben ardurapean, eta bere egoera ekonomikoa okertzen hasi zen. “Nire lau seme-alabak elikatzeko moldatu behar izan nuen. Eta, hala, Palestinako brodatuen eta jantzien denda bat irekitzea erabaki nuen”.
1992an, senarra aske utzi zuten, eta Um Ibrahim-ek denda ixtea erabaki zuen. Negozioak bi elementu garrantzitsu eman zizkion: kontaktu-sare zabala eta emakumeen arteko elkartasunaren kontzeptua. Aurrera egiten jarraitzeko unea zen. “Denda izan nuen urteetan ikusi nuen emakumeek eta neska gazteenek norbaitek bultzada bat ematea behar zutela. Gauzak horrela, denda itxitakoan, emakumeen elkarte bat sortu nuen, denbora gutxian esneki-fabrika baten eta makillaje-denda baten ardurapean hiru solairuko egoitza zuen elkarte bihurtu zena”. Elkarteak ahalduntze ekonomikorako aukera ematen zien bertan parte hartzen zuten emakumeei; prestakuntza eta diru-sarrerak ere ematen zizkien. Baina, 2010ean, hamabost urteko ibilbidearen eta garapen sakonaren ondoren, Hamas-ek elkartea itxi egin zuen, eta Gazako erakunde indartsuenak ere itxi egin zituen.
Orduan, depresio sakon batean murgildu zen. “Nire senarrarekin hitz egin nuen. Berak beti babestu nau gauza guztietan. Eta esan zidan erabakitzen nuena erabakitzen nuela bere ustez ondo egongo zela. Aurrera jarraitu nahi nuen. Nola utziko nituen lankide izan nituen emakume horiek guztiak?” Horrela, bada, 2011n, Nuseirat errefuxiatu-esparruan berriz ere Palestinako brodatu eta jantzi tradizionalen denda bat irekitzea erabaki zuen.
“Emakumearen egoerak hobera egin du 90eko hamarkadatik gaur arte, baina ez oso modu esanguratsuan. Lehen ez zen onargarria emakumeak lan egitea; eta beti galdetzen zuten nora zoazen, zer ordutan iritsiko zaren etxera. Orain, gero eta neska gehiago joaten dira unibertsitatera, gero eta neska gehiago ateratzen dira etxetik eta gero eta gehiagok egiten dute lan; baina ez da nahikoa: guri eragiten diguten gauza negatiboak positiboak baino gehiago dira oraindik”. Gizartearen jarreran aldaketak egon diren arren, familiaren kontserbadurismoak eta emakumeen gaineko kontrolak bere horretan jarraitzen dute. Um Ibrahim-en ustez, emakumeak Gazako gizartean aurrera egiteko eta emakumeari ikusgarritasun eta errespetu handiagoa emateko modurik onena lan egitea da.